XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Horregatik, irla hartan bizi ziren gizon haiek anaiak sentitzen ziren.

Izadian integratuta, atlanteek izadiaren erritmo guztiak beren barnetaupadetako bariazioetan irakur zitzaketen, batzuk besteen itzalak bailiran.

Era honetan, eguzkia ez zen haientzat ortzean zehar zebilen bidazti anonimoa, egunsentiro beren arimetan lehertzen zen zerbait baizik; ilargia emakumearen odolean ernaldutako hazi miragarri bilakatuko zuten....

- Hor aritu haiz arima gora eta arima behera....

Orduan hik ere arima dugula sinesten al duk?- moztu zion Joxepak.

- Bai, baina ez hik sinesten dunan eran, niretzat gauza batzuk esplikatzeko erabiltzen dudan hitza dun batez ere.

- Hortaz, arima Gabiri bezalakoa duk....

- Zer esan nahi dun horrekin?.

- Gabiri, leku askotatik agiri.

Indaleziok zioenez, Atlantidako inguruetan bizi ziren animaliak oro bai itsastarrak, bai airetarrak, baita lurtarrak ere, gizonak barne landarejaleak ziren, lurrak eskaintzen zizkien fruitu, hazi eta belarrez elikatzen bait ziren.

Ez zen oraindik ehiztaririk sortu.

Desberdinak izan arren, bizidun guztiek ulertzen zuten elkarren beharra.

Gizonak ez zuen sastatuko bertan zuen gazelaren lepoa, leunki laztanduko baizik, eta gazelak, gero, zilipurdika erantzungo zion gizonari bere kidetasuna agertuz.

- Han otsoa ardiaren laguna zela esan nahi al didak?.

- Beno, halako zerbait....

- Mundua mundu denetik ezinezkoa duk hori.

Paradisuan ez zuten ezagutzen sufrimendurik, ez oinazerik.

Eta gorputzak, bere zikloa betetzerakoan, hil behar bazuen ere, ez zen angustiaz hiltzen, guztia bait zen izadiaren makina perfektu horren osagarri.

Errealitatean, heriotza baino gehiago, bizi-eraldakuntza bat jazotzen zen, Indalezioren eritziz, neguak itotako arnasa hurrengo udaberriaren hauspoek berrituko bait zuten.

Azken finean, izakien bizialdiak oro, baliogabeenak tartean, hausturarik gabeko eternitatearen segunduak ziren....